XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Horretarako, telebistan ezorduetan ematen zituzten zientzia fikziozko saio zaratatsuak irensten hasi zen eta bideozinta mordoa alokatu zuen etxe alboko klubean.

Film horiek ikusteko, zer esanik ez, pisuko hiru langileon diruaz erosi berritako bideo aparailua erabili zuen, berak hain txarto iritzi zion infernuko tresna hura, kontsumismoaren bide galgarrian erremediorik gabe jarri behar omen gintuena.

Lo egiteko eragozpenez betetako zenbait gauren ondoren, Tonik bere hurrengo egitasmoaz harritu nahi izan gintuen:

Istorio zoragarria bururatu zait.

Nire hurrengo narrazioa etorkizunean kokatuko da, XXVI. mendean, hain zuzen.

Lurreko konfederazioak Unibertsoaren lekutako muturretik etorritako inperio baten erasoa jasoko du.

Estralurtarrek, guk baino askoz teknologia aurreratuagoa izanik, erraz konkistatuko gaituzte eta pixkanaka, abduzioen eta mutazioen bitartez, pertsonak ordezkatzen hasiko dira.

Erasoari aurre egiteko, Europak, Estatu Batuek eta Txinak euren indarrak batuko dituzte, baina dena alferrik izango da.

Azkenean, erresistentzia talde bateko neska euskaldun bat izango da burua erabiliz izaki lirdingatsu horiei lurretik ihes eginaraziko diena.

Zer deritzozue ideiari? Jeniala, ezta?

Hasieran ez zuen inork ezer erantzun.

Dena den, Toni temati jarri zen eta zerbait esan behar izan genion.

Neuk hitz egin nuen, berriz ere:

-Bitxia da argumentua, bai, baina...

-Baina zer? Ez da ezin hobea?

- Osagarri guztiak dauzka sekulako arrakasta izateko.